3
TOKI ADMINISTRAZIOA

ERRENTERIAKO UDALA

Udal Hizkuntza Politika

Iragarkia

Udalbatzak 2021eko urriaren 26an egindako ohiko bilkuran erabaki zuen hasierako onespena ematea Udal hizkuntza politikarako aholku kontseilua (lehen «Euskararen aholku kontseilua») arautzen duen erreglamenduaren aldaketari.       

Erabaki horren iragarkia 2021eko azaroaren 27an 277 zenbakiko Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Era berean ere Udaletxeko Iragarki Taulan eta webgunean argitaratu da.

30 eguneko jendaurre epean, 2021eko azaroaren 27tik 2022ko urtarrilaren 12ra bitartekoa (biak barne), ez da inongo erreklamaziorik aurkeztu, Zu! Zure Udala arreta zerbitzuko arduradunak 2022ko urtarrilaren 18an emandako ziurtagiriak dioen moduan.  

Hasierako onespeneren berri erreglamenduaren testuarekin batera Estatuko Administrazioaren erakundeari, baita Autonomia Erkidegoaren Administrazioari ere bidali zitzaien, Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 65.2 artikuluak xedatutakoa betetzeko. Ez batak ez besteak ez dute ez iradokizunik ez ezer aurkeztu aipatu artikuluan adierazitako 15 eguneko epean.

Hori horrela Toki Erregimeneko Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan aurreikusitakoa betetzearren, testu oso-osoa argitaratzen da eta indarrean sartuko da iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Oro har guztiek jakin dezaten eta eraginak izan ditzan argitaratzen dut. Era berean, jakinarazten da akordio honek administrazioaren bidea agortzen duela eta horren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aurrean, bi hilabeteko epean, iragarki hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Halaber, egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkeztu ahal izango da.

Egindako aldaketek erregelamenduaren artikulu askori eragiten dietenez, egokitzat jotzen da testuaren testu bategina argitaratzea. Horrela, jatorrizko erregelamenduari, 2011ko apirilaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (64. zk.) argitaratutakoari, 2013ko urriaren 2ko 188. zenbakiko Aldizkarian argitaratutako aldaketa eta 2021eko urriaren 26an onartutakoa gehitu zaizkio.

Hau da arauaren testu bategina:

Errenteriako Udal Hizkuntza Politikarako Aholku Kontseilua arautuko duen Erregelamendua.

ZIOEN AZALPENA

Botere publikoei dagokie, jendearen nortasuna libreki garatzearren, gauzak erraztea herritarrek politikan, ekonomian, kulturan eta gizarte-eginkizunetan esku har dezaten, besteak beste, hori delako politika-ordenaren eta bake sozialaren funtsa. Herritarrek afera publikoetan zuzenean edo ordezkarien bidez esku hartzeko eskubidea arlo guztietan sustatu eta adierazi behar da, hots, bai pertsonei indibidualki dagokienean, hala nola talde gisa jarduten dutenei. Ildo horri jarraiki, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 69. artikulua aipatu behar da, zeinak herritar orok herriko bizitzan esku har dezan Tokiko Korporazioek gauzak erraztu behar dituela baitio.      

Bizikidetza demokratikoak parte hartze hori bermatu behar du eta bizikidetza horren elementu garrantzitsu bat bizikidetza linguistikoa da. Bizikidetza linguistikoak pertsonen arteko harremanak, eskubide pertsonal eta kolektiboak, politika konkretuak eta harreman eta egitura politiko-instituzionalak hartzen ditu bere barne.

Errenteriak azken urte hauetan aniztasun linguistiko-kultural zabala jaso du. Eta aniztasun horren errekonozimendua egin nahi du bizikidetzaren izenean; izan ere, herriko hizkuntza aniztasuna aberastasun gisa ulertzen du Udalak eta hori horrela, aitortza egin nahi zaie hizkuntza guztiei. Betiere, euskara, bertako hizkuntza, aniztasun horren erdian jarriaz.              

Bizikidetza eta hizkuntza-berdintasunak euskararen ezagutza unibertsalizatzea, ikasteko aukera herritar guztiei ziurtatzea eta herritarren engaiamendua eskatzen ditu. Era berean, Udalak Hizkuntzen Topagunearen bitartez gainerako hizkuntzen transmisioa eta herritarren artean horien ezagutza sustatuko ditu.  

Euskararen Erabilera Arautzeko 10/1982 Oinarrizko Legea onetsi zenetik herri administrazioek ez ezik, gizarte eragileek ere pauso garrantzitsuak eman dituzte gure herrien euskararen normalizazioa bideratzeko.    

Zentzu horretan, Errenteriako Udalaren eginkizuna benetako elebitasuna lortu eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea da. Horretarako, hizkuntza politiken koordinazioa hobetzea eta, erakundeen jarduera bultzatze aldera, gizarte eragileen inplikazioa lortzea izango da erabili beharreko filosofia, eta ahalegin hori bat dator herriari dagozkion eztabaida eta erabakietan herritarren parte hartzea bultzatzeko apustuarekin.        

Aurreko guztia kontuan harturik, garaia da tarte horretan indarrean izan ditugun hizkuntza irizpideen inguruan eta bertako hizkuntza egoerari buruzko hausnarketa berri bat egiteko.

Zentzu horretan, Hizkuntza Politikarako Aholku Kontseilua tresna eraginkorra gerta daiteke herri administrazio eta gizarte eragile guztien arteko hizkuntza politika partekatua bultzatzeko.               

ATARIKO TITULUA

1.    Eratzea.

Errenteriako Udalak aitortzen du hizkuntza eskubideak oinarrizkoak direla eta, ondorioz, botere publikoek herritar guztiei bermatu beharrekoak. Era berean uste du gobernatze onak bete behar dituen printzipioetako bat dela herritarrek hizkuntza politiken sorreran eta proiektu eta programak planifikatzen eta ebaluatzen parte hartzea. Horrenbestez, hizkuntza normalizazioak Errenteriarentzat duen garrantzi estrategikoa dela eta, eratzen da Hizkuntza Politikarako Aholku Kontseilua.             

2.    Aholku Kontseiluaren izaera.

Hizkuntza Politikarako Aholku Kontseilua kide-anitzeko organo aholku-emailea eta eztabaidatzailea da, Errenteriako Udalari Udal Hizkuntza Politika sailaren bitartez atxikia.          

Organo aholku-emaile eta eztabaidatzaile hau udalerrian hizkuntza normalizazioan diharduten talde, elkarte eta erakunde publiko eta pribatuetako ordezkarien harreman-organoa izango da.             

Kontseiluaren esku-hartzea bere eginkizuntzat hartuko dituen gaien azterketan adieraziko da, eta horietan eginiko proposamenak edo alternatibak ez dira udalarentzako lotesleak izango.              

Kontseiluak Udalari eginiko proposamen edo alternatibak behin betiko onespenean kontuan hartuak izango ez balira, zergatiak adierazita erantzungo dira.

Hizkuntza Politikarako Aholku Kontseiluak udalarekin izan beharreko harreman guztiak Udal Hizkuntza Politika sailaren bidez izango ditu eta Kontseiluaren funtzionamendu egokia bermatzeko, Departamentuaren laguntza teknikoa izango du.

3.    Aholku Kontseiluaren egitekoak.

Hizkuntza Politikarako Aholku Kontseiluaren eginkizunak ondorengoak dira:

1.    Errenteriako Udalari bizikidetza linguistikoaren plan estrategikoak diseinatzen eta garatzen laguntzea.    

2.    Onarturiko plan estrategikoa garatzeko urteko Kudeaketa planen diseinuan eta jarraipenean parte hartzea.

3.    Oro har, Errenteriako Udalaren Hizkuntza Politika sailaren eskariari jarraituz, Errenteriako udalerrian euskararen erabilera normalizatzeko lanekin zerikusirik duten gaiak aztertzea.

Egokitzat joz gero, Hizkuntza Politikarako Aholku Kontseiluak lantaldeak era ditzake plan estrategikoaren hiru helburu estrategikoei loturik, edo sor litezkeen egoerei aurre egiteko.               

Halaber, herriko kultura eta hizkuntza ezberdinak ordezkatzen dituzten erakunde eta elkarteen ordezkariak ere joan ahal izango dira bileretara, Lehendakariak gonbidatuta, baldin eta Hizkuntza Politikarako Aholku Kontseilura joateko interesa erakutsi badute eta bere presentzia baliagarria bada, unean aztertu behar diren gaietan duten esperientziagatik. Gonbidatu horiek ez dira izango Kontseiluko eskubide osoko kideak Kontseilua eratzeko quorumari, gehiengoei eta bozketei dagokienean.

4.    Partaideak.

Hizkuntza Politikarako Aholku Kontseilua osatzerakoan kontuan hartu dira HPSk 10.000 biztanletik gorako udalerrientzat luzatutako gomendioak.

Errenteriako Aholku Kontseiluko kideak ondorengoak izango dira:

1.    Lehendakaria: Errenteriako Alkatea.

Lehendakariak eskuordetza espresuki emanda, Udal Hizkuntza Politika arloko zinegotzia arituko da Kontseiluburu.   

2.    Udal Hizkuntza Politika saileko Teknikari Koordinatzailea.

3.    Idazkaria: Udal Hizkuntza Politika saileko teknikari normalizatzailea.

Idazkariak ahotsa izango du baina boto ahalmenik ez, eta ez da izango Kontseiluko eskubide osoko kidea Kontseilua eratzeko quorumari, gehiengoei eta bozketei dagokienean.

4.    Gehienez beste 15 kide, eta gutxienez beste 10, udalerrian hizkuntza normalizazioan eragiten duten esparruetan, elkarteetako ordezkarien (guraso elkarteak; euskalduntze-alfabetatzean diharduten erakundeak; hezkuntza, kultura, aisialdi edo kirol elkarteak; merkataritza eta ostalaritza elkarteak; enpresen ordezkaritza; komunikabideak…) eta euskalgintzan esanguratsuak diren andre-gizonen artean aukeratutakoak.

Otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean jasotakoak kontuan hartuta, Hizkuntza Politikarako Aholku Kontseilua osatzeko izendatutakoen artean trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua (sexu biek, gutxienez, % 40ko ordezkaritza) izan dadila sustatuko da.

Lege horretan bertan jasotakoari jarraiki, kideak aukeratzeko prozesuan sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duten elkarte edo erakundeak, emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten jarduerak antolatzen dituzten elkarteak ez dira inola ere kide gisa onartuko.               

Sexuaren ziozko bereizkeria dela-eta administrazio-zehapena edo zigor penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoak ezingo dute parte hartu, dena delako zehapen edo zigorrak dirauen denboran.

Hizkuntza Politikarako Aholku Kontseiluko kideak entitate baten ordezkari izanez gero, entitateak berak izendatuko du ordezkaria eta horren ordezkoa. Horrez gain, kide horiek entitate bakar baten izenean hartuko dute parte. Pertsona batek ezin izango du, inolaz ere, entitate bat baino gehiago ordezkatu.   

Kide horiek Kontseiluak izendatuko ditu, interesatuak idatziz eskatu eta Udal Hizkuntza Politika saileko Teknikari Koordinatzaileak proposatutakoari jarraiki. Izendapenak bi lau urterako izango dira. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko aukera izango da, betiere bi urteko epeetan eta gehienez sei urtez.          

Kide horietakoren bat ordezkatu behar izanez gero, Kontseiluak beste kide bat izendatuko du, aurrekoari geratzen zitzaion denboraldirako.

Aurreko paragrafoetan xedatutakoari aurka egin gabe, Kontseiluko kideek kontseilukide izateari utziko diote ondorengo kasuetan:

a)    Norberaren borondatez, betiere idatziz adierazten badu.

b)    Erregelamendu honetan adierazitako funtzioak behin eta berriro ez betetzeak eragindako enkaitzeagatik.

c)    Ordezkatzen duen Elkarte, talde edo kolektiboa desagertuz gero.

d)    Elkartearen Estatutuetan izendatu izanaren inguruko funtsezko aldaketarik emanez gero.

e)    Lehendakaritzaren kasuan, delegazioa aldatu edo uzteagatik.

f)    Ordezkatzen duen elkartea uzteagatik.

g)    Heriotzagatik.

Kontseilukide izateari uztea Kontseilu-Udalbatzak berretsiko du, Lehendakaritzaren proposamenari jarraiki. 

5.    Kontseilukideen egitekoak.

5.1.    Lehendakariaren funtzioak.

— Kontseiluaren ordezkari izatea.

— Ohiko eta ez ohiko bileretarako dei egitea.

— Udal teknikariak eta erakunde eta elkarteen ordezkariak gonbidatzea.

— Gai Zerrenda onartzea.

— Bileraburu izatea eta bileren garapena moderatzea.

— Herritarren parte hartzea bermatzea.

— Kontseilukide izateari uzteko proposamenak egitea.    

— Entitate, elkarte edo herritarrek gonbidatu gisa parte hartzeko egiten dituzten eskaerak onartu edo baztertu, kontseiluak emandako iritziaren arabera eta gonbidapena bidali.

— Kontseiluaren ekimen eta proposamenak, Udal Hizkuntza Politika sailari eta hala badagokio Udalbatzari, helaraztea, horiek bidera ditzaten.

— Kontseiluaren aktak eta hartutako erabakien ziurtagirien oniritzia ematea.

— Lehendakari izateagatik dagokion beste edozein eginkizun betetzea.

5.2.    Udal Hizkuntza Politika sailaren teknikari koordinatzailearen funtzioak.

— Aztertzen ari diren gaien legezko alderdiei buruz aholku ematea, laguntza juridiko egokiak baliatuta, behar izanez gero.

— Lehendakariari proposatuko dizkio Kontseilurako gai-zerrendarako gaiak.

5.3.    Idazkariaren funtzioak.

— Kontseiluko bileretara joatea, hitzarekin baina botorik gabe. Bileretako aktak egitea eta sinatzea.

— Akta guztiak Udal Hizkuntza Politika sailean gorde eta Aholku Kontseiluko kideen esku izatea.             

— Bileretarako deialdiak bidaltzea, gai zerrendak eta azken bilerako aktarekin batera.    

— Kontseiluak hartutako erabakiak bideratzea, eta erabaki horien ziurtagiriak egitea.

— Kontseilukideen alta eta baja eskariak jaso eta tramitatzea, baita dagokion Erregistroa kudeatzea ere.         

— Artxibo eta erregistro eginkizunak betetzea, baita Idazkari izateagatik dagokion beste edozein eginkizun ere.            

5.4.    Hizkuntza Politikarako Aholku Kontseiluko kontseilukideen eskubideak eta betebeharrak:

a)    Kontseilukideen eskubideak:

— Kontseiluaren bileretako eztabaidetan parte hartzea, hitza eta boto eskubidearekin.

— Gai ordenean jasota ez dagoen gairen bat proposatzea. Horrelakoetan Kontseiluak gehiengo soilez hartuko du gaia eztabaidatzeko erabakia.

— Hizkuntza normalizazioaren politikari buruzko proposamenak planteatzea.

— Kontseiluak hartutako erabakiak betetzearren garatzen diren ekintzei buruzko informazioa jasotzea.

— Kontseiluko aktak eta dokumentazio guztia eskuratu ahal izatea.

— Erregelamendu honek nahiz indarrean dagoen legediak ezar dakizkiekeen beste eskubide guztiak.

b)    Kontseilukideen betebeharrak:

— Kontseiluko bileretan nahiz kide diren lantaldekoetan parte hartzea. Horrez gain, Kontseiluak hartutako erabakiak betetzeko sustatzen diren ekintzetan laguntzea.               

— Kontseiluaren garapena eta sustapena hobetzeko laguntza ematea.

— Erregelamendu honetan xedatutakoa errespetatu eta betetzea.

— Elkarte, Talde edo Kolektiboen kasuan, Udalari jakinaraztea euren Estatutuak aldatuz gero, aldaketa horiek izendapenetan eraginik duten aztertzeko.

— Jakinaraztea, entitatearen ordezkaria nahiz helbide soziala aldatuz gero.     

— Erregelamendu honek nahiz indarrean dagoen legediak ezar dakizkiekeen beste betebehar guztiak.

6.    Bileren aldizkakotasuna eta funtzionamendua.

Errenteriako Hizkuntza Politikarkao Aholku Kontseilua, hiru unetan bilduko da Plangintza Estrategikoa diseinatzerakoan: Kontseilua eratzerakoan, diagnosia adosterakoan eta plana adosterakoan.    

Plangintzaren jarraipen fasean, berriz, urtean hiru bilera egingo ditu: ikasturteko Kudeaketa plana adosteko, planare jarraipena egiteko eta planaren balorazioa egiteko.

Lehendakariak beharrezkotzat joz gero, ohiz kanpoko bilerak egin ahal izango dira.

Era berean, eskubide osoko kideen erdiak ohiz kanpoko bilerak eskatzeko eskubidea izango du. Horrelakoetan, gehienez ere 15 eguneko epean gauzatuko dira bilera horiek.

Deialdiak, gutxienez, zazpi egun natural lehenago egin beharko dira.

Kontseilua eratutzat joko da kontsilukideen erdiak eta bat gehiago bertaratu direnean. Nolanahi ere, eraketak balioa izan dezan, beharrezkoa izango da Lehendakaria eta Idazkaria bertan egotea.

Kontseiluak hartutako erabakiak proposamen gisa hartuko dira kontuan, Kontseilukideak izendatzeko eta Kontseilua uzteko akordioak izan ezik, horiek erabakigarriak izango baitira.  

Erabakiak gehiengo soilaz hartuko dira.

Bozketetan berdinketa emanez gero, berriro bozkatzeari ekingo zaio eta, hala ere, berriro berdinketa emango balitz, gaia mahai gainean geratuko litzateke adostasun handiago bilatzeko asmoz.

Erregelamendu honetan jaso ez diren gai guztietarako, Udal Organoen Araudian eta toki erregimen araudiak kide anitzeko organoen inguruan ezarritakoa bete beharko da.     

Azken Xedapena.

Erregelamendu hau indarrean jarriko da, testua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunetik hamabost lanegunetara eta indarrean egongo da Udalbatzak erregelamendua aldatzeko nahiz indargabetzeko erabakia hartzen duen arte.

Errenteria, 2022ko martxoaren 7a.—Alazne Korta Zulaika, Antolaketako ordezkaria.     (1394)