3
TOKI ADMINISTRAZIOA

ERRENTERIAKO UDALA

Berdintasuna

Iragarkia

Udalbatzak, 2023ko otsailaren 28an egindako ohiko bilkuran, hasierako onespena eman zion «LGTBI+ politiken Aholku Kontseiluaren eraketa eta funtzionamendua arautuko dituen erregelamendua» udal araudiari.

Dokumentu hori jendaurrean egon da 2023ko martxoaren 20tik maiatzaren 4ra (biak barne). Jendaurreko erakustaldi horretan ez da ekarpenik edo erreklamaziorik aurkeztu.                

Alkatetza ebazpen bitartez, 2023ko ekainaren 6an, erabaki zen behin betiko onartutzat hartzea «LGTBI+ politiken Aholku Kontseiluaren eraketa eta funtzionamendua arautuko dituen erregelamendua» udal araudia, hasierako onespenean egin zen baldintza berdinetan.

Hori horrela Toki Erregimeneko Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan aurreikusitakoa betetzearren, onartutako «LGTBI+ politiken Aholku Kontseiluaren eraketa eta funtzionamendua arautuko dituen erregelamendua» udal araudiaren testu oso-osoa argitaratzen da eta indarrean sartuko da iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Oro har guztiek jakin dezaten eta eraginak izan ditzan argitaratzen dut. Era berean, jakinarazten da akordio honek administrazioaren bidea agortzen duela eta horren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aurrean, bi hilabeteko epean, iragarki hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Halaber, egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkeztu ahal izango da.

Hau da onartu den araudiaren testua:

Aurkibidea.

Zioen adierazpena.

Atariko titulua.

1. artikulua.    Osaera eta izaera.

2. artikulua.    Helburua.

3. artikulua.    Funtzioak.

I. titulua.    Kontseiluaren organoak.

4. artikulua.    Osaera.

5. artikulua    Eginkizunak eta ardurak.

6. artikulua    Kontseilu-kide bilakatu edo izateari utzi.

7. artikulua.    Lan-batzordeak.

II. titulua.    Antolamendua eta funtzionamendua.

8. artikulua.    Kontseiluaren funtzioamendua.

9. artikulua.    Informatzeko betebeharra.

10. artikulua.    Hizkuntzen erabilera Kontseiluan.

11. artikulua.    Aurreikusi gabeko egoerak.

12. artikulua.    Desegitea.

ZIOEN ADIERAZPENA

‍Errenteriako LGTBI+ pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko ekintza-plana onartu zen 2022ko maiatzaren 17an egindako Tokiko Gobernu Batzarrean. Planean jaso diren lehentasunezko ekintzetako bat Errenteriako LGTBI+ politiken Aholku Kontseiluaren eraketa izan da; ekintza-planaren egikaritze-maila, jarraipen eta elkarlanerako organo gisa.

Errenteriako Udala udalerriko LGTBI+ elkarteekin eta pertsonekin elkarlanean ari da azken urteotan, tokiko gobernuaren berezko eskumenetatik lesbiana, gay, bisexual eta intersexualen kolektiboentzako berdintasun-politikak sustatzeko helburuarekin. Egindako ibilbidean oinarrituta, komenigarria da esparru hori arautzea, duen garrantziagatik eta eskatzen duen jarraikortasunagatik.

Aipaturiko politikak garatzeko, beraz, Udalaren eta udalerriko LGTBI+ pertsonen arteko topagune bat eratu nahi da. Horretarako, aholku batzorde bat sortu, Udalaren kontsulta-organo bat, udal-jarduerako hainbat arlotarako lehendik daudenei erantsiko zaiena, eta haren eginkizunak, osaera, bileren aldizkakotasuna eta seriotasuna bermatzen lagunduko duten beste gai batzuk zehaztuko dituena, eraginkortasunari kalterik egin gabe.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua.    Osaera eta izaera.

1.    Errenteriako LGTBI+ Politiken Aholku Kontseilua parte-hartzean oinarritutako organoa da eta Udalak eta LGTBI+ politiken alde lan egin nahi duten herritar, talde nahiz elkarteek osatzen dute.

‍2.- Errenteriako LGTBI+ Politika Kontseilua arduratuko da Errenteriako LGTBI+ Ekintza Planaren jarraipena egin eta garapena bermatzeaz eta Udalari politika horien garapenean aholku emateaz.

3.    Kontseilua Errenteriako Udalaren menpe egonen da, Berdintasun Departamentuaren edo arloaren eskumena duen udal organoaren bitartez.

4.    Kontseiluaren ekarpena erabakigarria izango da Ekintza Planaren garapenean eta, oro har, sexu eta genero identitatearen eta sexu orientazioaren aniztasunaren arloko jarduerarekin zerikusia duten gaietan.

5.    Aholku Kontseiluak Udalari aurkeztutako proposamen edo aukerak Udalak ez baditu organo eskudunak arrazoitu beharko du zergatik ez den komeni horiek burutzea.

2. artikulua.    Helburuak.

Hauek dira LGTBI+ politiken aholku kontseiluaren helburuak:

LGTBI+ pertsonen eskubideen aitormena soziala, askatasunak eta eskubideen bermea sustatzeko udal politika aholku organo gisa bideratzea.

Errenteriako LGTBI+ Ekintza Planaren ezarpenaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

Udalerriko LGTBI+ Ekintza Planaren existentzia eta garapena bermatzea.

— LGTBI+ pertsonen parte-hartzea, ahalduntzea eta erreferentzialtasuna bultzatzea.

Tokiko LGTBI+ arloko jarduerak, programak eta politikak sustatzea eta aztertzea, diziplina anitzeko ikuspuntu batetik.

3. artikulua.    Funtzioak.

Hauek dira Aholku Kontseiluaren funtzioak:

a)    LGTBI+ arloan inplikatutako aktoreak biltzen dituen lankidetza eta koordinazio esparru egonkorra izatea.

b)    LGTBI+ politiken eta tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren sustapenaren esparruan, tokiko jarduera aztertzen, gauzatzen eta haren jarraipena egiten parte hartzea.

c)    Parte hartzea LGTBI+ politiken esparruko toki-jardueraren azterketan, gauzatzean eta jarraipenean.

d)    Proposamenak egitea aurrekontu-proiekturako eta kontseilu honen jarduera-sektorearen inguruko ordenantza eta erregelamenduetarako.

e)    Errenteriako Udalari aholku, azterketa eta aholkularitza ematea LGTBI+ politiken diseinuan. Errenteriako LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko ekimenak eta proiektuak proposatzea zenbait esparrutan.

f)    LGTBI+ pertsonen eskubideen alde lan egin nahi duten pertsonen eta eragile sozialen sarea sustatzea.

g)    Iradokizunak, gomendioak eta neurri zuzentzaileak proposatzea behar bezala aurrera egin ez dugun ekintza eta proiektuen kasuan.

h)    Zehaztea Kontseiluaren jardun-ildo nagusiak eta prestatzea barne-arauak (ezingo dira erregelamendu honen aurkakoak izan).

i)    Koordinatzea interesgarritzat jotzen diren Udaleko edo udalez gaindiko kontseilu, organo edo departamentuekin.

j)    Urtean behin, egindako jarduera guztiak biltzen dituen txostena egin behar du.

I. TITULUA

KONTSEILUAREN ORGANOAK

4. artikulua.    Osaera.

Errenteriako LGTBI+ politiken Kontseiluan, eskubide osoz, parte hartuko dute:

a)    Lehendakaria: Errenteriako Alkatea.

Lehendakariak eskuordetza espresuki emanda, arloko delegatua arituko da Kontseiluburu.

b)    Idazkaria: arloko teknikariak.

Idazkariak ahotsa izango du baina boto ahalmenik ez, eta ez da izango Kontseiluko eskubide osoko kidea Kontseilua eratzeko quorumari, gehiengoei eta bozketei dagokienean.

c)    Errenterian jarduten duten eta Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan izena emanda duten elkarteetako ordezkari banak, baldin eta:

Identitate eta orientazio sexuala askatasunez garatzeko eta esparru desberdinetan aniztasun afektibo-sexuala sustatzeko lan egiten duten elkarteak.

Aukera-berdintasunaren alde lan egiten duten elkarte nahiz taldeak badira, betiere ikuspegi feminista eta intersekzional batetik.

d) Pertsonalki parte hartu nahi duten pertsona fisikoak, aniztasun afektibo-sexualarekin sentsibilitate berezia dutenak edo gaiarekin zerikusia duten ekintzak garatzen dituztenak.

Kontseiluaren iritziz kontseiluan parte har dezaten interesgarria izan daitekeen beste elkarte batzuetako ordezkariak edo norbanakoak.

Egitura hau finkatu eta dinamika aktibo bat bermatzen denean, pixkanaka eta izaera iraunkorrarekin sartu ahal izango dira kontseilu honen xederako interesgarriak izan daitezkeen beste esparru batzuetako ordezkariak.

Jorratu beharreko gaien arabera, bileretara gonbidatu ahal izango dira beste pertsona batzuk, udal-departamentuetako teknikariak, politikariak edo parte hartzen duten erakundeetakoak. 

Kideak izendatzerakoan, ordezkaritza orekatuaren printzipioa hartuko da kontuan, hau da, emakumeak eta gizonak gutxienez %40an ordezkatuta egotea.

Era berean, eta Kontseiluaren izaera dela eta, ahaleginak eginen dira pertsona ez-bitarrak ordezkatuta egon daitezen, baita udalerriko aniztasun soziodemografikoa ere.

5. artikulua.    Eginkizunak eta ardurak.

Errenteriako LGTBI+ politiken Kontseiluaren Lehendakaritza osatzen duten pertsonen arteko eginkizunen eta arduren banaketa, ondorengo lerroetan zehazten da:

a)    Kontseiluko lehendakariak honako funtzioak izango ditu:

Kontseiluaren ordezkari izan udalerrian.

Kontseiluaren bileren deialdiak egin eta bilerak gidatu.

Partaideen alta nahiz baja eman, Kontseiluak proposatu duelako edo hala erabaki duelako.

Kontseiluaren proposamenak aurkeztu eta defendatu dagokion Batzorde Politikoan.

Kontseiluaren proposamenen garapenaren berri eman dagokion Batzorde Politikoan.

b)    Kontseiluko idazkariak honako funtzioak izango ditu:      

Bileretako deialdiak prestatu eta bidali.

Bileretako akta egin.

Bileretan gaiak aztertzeko eta erabakiak hartzeko behar den dokumentazioa eta informazioa bidali.

Eztabaidak gidatu eta bideratu, beharrezkoa denean, bere iritzia adieraziz.

Kontseiluaren proposamenak aurkeztu eta defendatu dagokion Batzorde Politikoan, gaiak edo egoerak hala eskatzen duenean.

c)    Kontseiluko ordezkari politikoak eginkizun hauek izanen ditu:

Kontseiluaren ordezkari izan udalerrian, lehendakariak funtzio hori bete ezin duenean edo Kontseiluak funtzio hori bi ordezkariek bete behar dutela erabakitzen duenean.

Kontseiluaren bileren deialdiak egin eta bilerak gidatu, lehendakariak funtzio hori bete ezin duenean.

Bileretako deialdiak prestatu eta bidali, idazkariak funtzio hori bete ezin duenean.

Bileretako akta egin, idazkariak funtzio hori bete ezin duenean.

Eztabaidak gidatu eta bideratu beharrezkoa denean edo lehendakariak funtzio hori bete ezin duenean.

Kontseiluaren proposamenak aurkeztu eta defendatu dagokion Batzorde Politikoan, gaiak edo egoerak hala eskatzen duenean.

d)    Kontseilua osatzen duten kideek honako ardura izango dute:

Arautegia onartu eta bete.

Talde nahiz elkarteari Kontseiluko bileratan hitz egindakoa helarazi, talde nahiz elkartearen izenean parte hartzen duten kideen kasuan.

Bileretan aktiboki parte hartu.

Bileretan hartutako konpromisoak bete.

6. artikulua.    Kontseilu-kide bilakatu edo izateari utzi.

a)    4. artikuluan (Kontseiluaren osaerari buruzkoa) zerrendatutako talde nahiz elkarteek Kontseiluan parte hartzeko eskaera egin beharko dute, eskaera-orria betez.

b)    Modu pertsonalean parte hartu nahi duten pertsona fisikoek parte hartzeko eskaera egin beharko dute, eskaera-orria betez.

c)    Datuak aldatuz gero, Kontseiluko idazkariari jakinarazi beharko zaio.

d)    Kontseilu-kide izateari utziko zaio, honako kasuetan:

Agintaldia amaitzea.

Berariaz uko egitea.

Heriotza.

Ordezkatzen duen elkartea edo entitatea desegitea.

Kargu publikoak betetzeko ezgaitzen duten zigorrak ezartzea.

Kontseilu-kideen ustez, 3. eta 4. artikuluetan partaideei eskatzen zaizkien baldintzetako bat ere betetzen ez bada, kargutik kendu ahal izango dira.

Elkartearen estatutuetan aldaketa nabarmena egitea eta, ondorioz, kidea izendatzea eragin zuen irizpidea aldatzea.

Ordezkatzen duen elkartea uztea.

7. artikulua.    Lan-batzordeak.

1.    Lan-batzordeak osatu ahal izango dira berariazko (azpi)sektore bat edo gai jakinak jorratzeko, beharrezkoak badira agindutako funtzioak hobeto betetzeko, betiere Kontseiluaren osoko bilkurak beharrezko irizten badio.

2.    Lan-batzordeek Kontseiluaren osoko bilkurari emango diote jorratutako gaien berri.

II. TITULUA

ANTOLAMENDUA ETA FUNTZIONAMENDUA

8. artikulua.    Kontseiluaren funtzionamendua.

a)    Kontseiluak, gutxienez, 4 bilera egingo ditu urtean:

Udal LGTBI+ ekintza-planaren urteko plangintza lantzeko.  

Ordura arte egindako lanari eta egiteke geratzen denari segimendua egiten eta hobetze-proposamenak jasotzeko.

Hurrengo urterako kudeaketa-plana eta honi dagokion aurrekontua antolatu eta planifikatzen hasteko (sailez sail adostua).

Urteko jardueraren balantzea egin eta datorren urterako jarduera-proposamena nola geratu den aztertzeko (ekintza-plana eta aurrekontua).

d)    Bileren deialdiak idatziz egingo dira, bilera-eguna baino gutxienez zazpi egun natural lehenago.

e)    Bilerak egin eta erabakiak hartu ahal izateko, Kontseilua eratzen duten kideen erdiak gehi batek egon behar dute, lehendakariaren eta idazkariaren (edo horien ordezkoen) asistentzia derrigorrezkoa izanik.

f)    Erabakiak adostasunez hartuko dira eta, hala ezin denean, gehiengo sinplearen bidez.

Adostasunik lortzen ez bada, Kontseiluko lehendakariak berdinketak erabakitzen ahalko ditu bere botoarekin.

g)    Bilera bakoitzaren akta jasoko da eta bertan bileran egon direnen izenak, hasiera- eta amaiera-ordua, landutako gaiak eta deliberazioen alderdi garrantzitsuak eta hartutako erabakien edukia. Beharrezkoa den kasuetan, bozketen emaitzak ere jasoko dira.

h)    Kontseiluak organo honen inguruko erabakiak hartzen dituenean (antolaketa, funtzionamendua, etab., beti ere, dokumentu honetan jasotakoak errespetatzen badira eta hemen jasotakoen osagarri badira, erabaki horiek aparteko dokumentu batean jasoko dira eta dokumentu hori barne-arautegi modura erabiliko da.

i)    Bileretan Kontseilua osatzen duten kide guztiek izango dute hitz egiteko eta erabakian parte hartzeko eskubidea, idazkari teknikoa izan ezik.

j)    Kontseiluko kideen parte-hartzea pertsonala eta transferiezina izango da. Talde nahiz elkarte baten izenean parte hartzen duten kideek ordezkoa izendatu ahal izango dute.

9. artikulua.    Informatzeko betebeharra.

Udaleko departamentuek Kontseiluaren informazio-eskaerei erantzun beharko diete 30 egun naturaleko epean, txosten-eskaera jasotzen denetik kontatzen hasita. Eskaera lehendakariak edo idazkariak bideratuko dute, eskaera onartzen denetik 10 egun naturaleko gehieneko epean. Eskatutako informazioa kontseiluko kideei helaraziko zaie eta informazioaren berri emango da hurrengo ohiko bileran, nahiz eta ezohiko bilera bat egin ahal izango den gai hori jorratzeko eta eztabaidatzeko.

10. artikulua.    Hizkuntzen erabilera Kontseiluan.

Aholku Kontseiluak, Errenteriarentzat hizkuntza-normalizazioak duen garrantzi estrategikoari jarraiki, bere jardunean eta funtzionamenduan errespetatuko ditu Errenteriako Udalean eta indarreko legerian ezarritako hizkuntza-irizpideak.

11. artikulua.    Aurreikusi gabeko egoerak.

Erregelamendu honetan aurreikusi ez denerako, kontuan izango da Udal Araudi Organikoan eta lege hauetan ezarritakoa: 2/2016 Legea, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa; 7/85 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzekoa; Toki Erakundeen Antolamendu, Funtzionamendu eta Araubide Juridikoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa, edo horiek ordezkatzen dituzten arauak.

12. artikulua.    Desegitea.

Kontseilua denbora mugagaberako eratu da. Udalak osoko bilkuran erabakita baino ezin izanen da desegin.

Errenteria, 2023ko ekainaren 8a.—Alazne Korta Zulaika, Antolaketako ordezkaria.             (4271)